XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EAEko Estatutuaren urtemuga edo iragana versus etorkizuna

EAEko Estatutuaren 20. urtemuga dela eta, Eusko Legebiltzarrean izan den eztabaida emankorra gertatu da.

PSE-EEk eta PPk alderdi abertzaleen arteko eta EAJren barneko kontraesanak bilatzeko ahalegina egin dute.

20 urtean Estatutuari esker lortutakoa asko dela eta Eusko Jaurlaritza bera Estatutuaren fruitua dela nabarmendu dute.

Horregatik, 20. urtemuga ez ospatzeagatik kontuak eskatu dizkiete EAJri, EAri eta Jaurlaritzari berari.

EAJk eta EAk trufatzat jo dute urteetan Estatutuaren garapena eragozten egon direnek orain urteurrena ospatu nahi izatea.

Eztabaida dialektiko horren gainetik, eztabaida mamitsuago bat azaldu da batzuen eta besteen adierazpenen artean: 20 urte geroago beste itun politiko baten beharra.

Itun horretarako alde bakoitzak subiranotasun osoa eduki behar duela nabarmendu du EAJko bozeramaileak, ez orain dela bi hamarkada gertatu zen bezala.

Euskal Herriak bere etorkizuna zehaztu eta erabakitzeko ordua iritsi dela nabarmendu dute alderdi abertzaleek, oraingoan osotasunean, eta ez zatiketaren menpe, EAEko Estatutuarekin gertatukoaren kontra.

PPk eta PSE-EEk etorkizuna mugatzeko erabili nahi dute iragana, orduko joko arauak (menpekotasuna finkatzen zuen Konstituzioa) betikotu nahian.

Egoeraren edozein aldaketa Madrilgo Kongresuaren eta Senatuaren menpe nahi dute, baina 20 urte geroago ez du zentzurik euskal herritarren etorkizuna espainiarren gehiengoak ebaztea.